Los Concejos - ACOA-AKE

ZER DA KONTZEJUA

Kontzejua lurralde izaeradun Toki Erakunde bat da, berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna duena. Erabateko autonomia du bere interesak defendatzeko, eta baita eskumen propioak garatuta bere zerizanaren oinarria eratzen duten dagozkien kolektiboenak ere.

  • KONTZEJU IREKIA: Gobernua auzotar guztien arteko asanblada batean burutzen denean eta administrazioa auzotarrek hautatutako Administrazio Batzorde batek eramaten duenean.
  • KONTZEJU ITXIA: Gobernua eta administrazioa auzotarrek aukeratutako Administrazio Batzorde baten bidez burutzen denean.

Deskargatu Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuen Foru Araua

HISTORIA APUR BAT

Arabako herriak bertako usadio eta ohituren bidez arautu izan dira antzina-antzinatik. Ez dira, baina, aldatu ezinezko ohiturak, eta jakin izan dute egokitzen bizitzea egokitu zaizkien garaietara, euren zerizanari bizkar eman gabe. Usadio eta ohitura horiek jada XIII. mendetik jasota daude kontzejuen artxibategietako agirietan, “GOBERNU ONAREN ORDENANTZAK” izenekoetan. Ez dira berdinak Lurralde osorako, baina badituzte hiru alderdi komun horien alderdi xedatzaileetan:

  • Antolakuntza, zeinak Kontzeju bakoitzaren karguak zehazten baititu, baita horiek hautatzeko modua eta horien iraupena ere. Kargu nagusia Erregidorea edo Alkatea zen. Haren eskuduntza eta betebeharretan zeuden, besteak beste eta oro har, “kontzejuko kontuez eta gertatzen diren bestez kargu izatea” eta “Kontzejua defendatzea eta horren alde aurpegia ematea".
  • Funtzionamendua, Auzokidearen eta Egoilearen arteko aldeaz dihardigu, eta horietako bakoitzaren eskubide eta betebeharrez.
  • Administrazioa, eskumen eta ahalmenak azaltzen dizkigu, hasi horniduretatik eta ondasunen eta horien aprobetxamendu, urbanismo, irakaskuntza, ogasun eta, are, polizia eta justiziaraino.

Sistema horrek 1812ra arte iraun zuen, Cadizeko Konstituzio berriak mila biztanletik gora, berez edo bilduta, zituzten herri guztietan udalak sortzera behartu zuen arte. Espainiar administrazioa berdindu egin zen horrela, eta geroztiko legezko xedapen batzuen bidez gobernu organoak hautatzeko eta eratzeko modu berriak ezarri ziren toki erakundeentzat. Araubide berri hori irauten zuten Kontzejuen ahalmenak murrizten saiatu zen, batere disimulurik gabe, eta horiei Tokiko Erakunde Txikiak izena jartzera ere heldu zen, ez ordea zuten biztanle kopuru urriagatik, baizik eta jarduteko gaitasun murriztua aitortzen zitzaielako eta zegokion Udalaren administraziopean geratzen zirelako.

Araban, ordea, nahiz eta udalak eratu, Kontzejuen esku jarraitu zuen egoten herrietako administrazio eta gobernua, zeinak euren usadio eta ohiturei eutsi baitzieten, euren nortasunari heldurik udal gobernu organoengandik independenteak izaten segitzeaz gain. Halatan, jada 1924tik, urriaren 21eko Errege Dekretua promulgatu zenetik eta baita toki-administrazioari buruzko ondorengo legeriaren bidez ere, xedatzen da Arabako Auzo-batzordeek (Kontzejuek) “euren eskuduntza bereziekin segituko dutela eta euren usadioen arabera antolatuko direla”.

Historia de los Concejos  ACOA-AKEGaraiak etorri garaiak joan, horrela jarraitu zuten gure Kontzejuek 1978ko Konstituziora arte, zeinak hauteskunde demokratikoak ezarri baitzituen diktadura ondoren, 18 urtetik gorako emakume zein gizon guztiei boto eskubidea aitortuz eta hautatutako pertsonen agintea lau urterako ezarriz. Arau horiek 1984ko uztailaren 30eko Foru Arauan, Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuetako Erregidoreak eta Kideak Hautatzeari buruzkoan, jasotzen dira.

Hemen aipatu behar litzateke industrializazioak arabar Kontzejuei ekarri zizkien ondorioak. Izan ere, 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan herrietako biztanleen hiritartzea ekarri zuen, industria, eraikuntza eta gisakoetan lanean aritzeko. Ondorioz, Arabako biztanleen erdia baino gehiago landakoa izatetik hiritarra izatera pasatu zen, eta nekazaritzak eta abeltzaintzak produkzioan izan zuten garrantziaren pixkanakako gainbeherarekin batera Kontzejuak galtzen joan ziren ordura arteko bizitasuna, zenbaitetan desagertzera helduz eta gainerakoak ere itolarrian jarriz.

Kontzejuen baztertze eta ia desagertze egoera hori, ordea, apurka-apurka zuzentzen hasi zen eta, halatan, gure herrien biziraupenerako eta horietan bizi ziren komunitateetarako erakunde horien jarraipen eta sendotzea beharrezkoa zela ikusi zuen pertsona talde bati esker, Arabako Batzar Nagusiek 1995eko martxoaren 20ko Kontzejuen Foru Araua onartzea lortu zen. Kontzejuei independentzia eta nortasuna aitortzeaz gain, arau horrek haien antolakuntza, funtzionamendua eta administrazioa, ahal zeneraino, arautu eta bateratu zituen.

1996an Arabako Kontzejuen Elkartea sortu zen, horien defentsa, sustapen, ordezkaritza eta garapenerako. Egun, XXI. mende bete honetan, 336 Kontzejuk bizirik darraite egurketaren garrari eusten, berezko gobernatzeko moduarekin, Kontzeju Irekien kasuan emakumezko eta gizonezko auzokide guztiei lau urtero administratzaileak (Administrazio Batzarra) hautatzeaz gain bere herriaren gobernuan zuzenean parte hartzeko aukera ematen dielarik, beste inongo administraziotan ez bezala. Kontzeju bat parte-hartzea, elkarrizketa eta adostasuna da. Ordezkaritzarik gabe egoten eta erabakitzen uzten digun erakunde bakarra da.

Abendua 2019
A As Az O Os L I
1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31

AZKEN EKITALDIAK


18 Urr 2019
JORNADA: Despoblación y Desarrollo Rural

AZKEN EKITALDIAK


18 Urr 2019
JORNADA: Despoblación y Desarrollo Rural